INGELESEKO IRAKASLE LANA AURKITZEA

 In AHOLKUAK, TEACHER TRAINING

Karen McGhiek idatzia. Irakurri English Teaching-en inguruko edukiak ingelesez london-school-online.com webgunean.

Gaur egun, gutxi dira munduko edozein lekutan egin ditzakezun lanak, eta atzerriko hizkuntza gisa ingelesa irakastea horietako bat da. Existitzen diren lan malguenetako bat da, eta hizkuntza-akademia batean edo profesional independente gisa lan egiteko aukera ematen dizu, eskolak aurrez aurre zein online emanez.

Ingelesa irakastea lanbide zoragarri eta oso aberasgarria bihurtzen duten alderdi ugari daude. Galdera nagusia da nola ziurtatu zure beharretara eta interesetara ondoen egokitzen den lana aurkitzen duzula eta, gainera, zure irakasle-karrera garatzen lagunduko dizula. Sektorean urte asko daramatzagunez lanean, nahiko argi dugu zer hartu behar duzun kontuan munduko edozein lekutan ingeleseko irakasle-lanak bilatu eta haietara aurkezterakoan.

Ze titulazio behar ditut lana aurkitzeko?

Zalantzarik gabe, ingelesa irakasteko titulaziorik onartuena Cambridge English CELTA da (Certificate in Teaching English to Speakers of Other Languages). Titulazio horrek munduko hizkuntza-akademia ospetsuenetan lan egiteko ateak irekiko dizkizu. Oso onartua den beste titulazio bat Trinity CertTESOL da, batez ere Erresuma Batuko zentroetan eskaintzen dena. TEFLrekin lotuta daudela dioten beste online ikastaro batzuek (baina askoz ere prezio baxuagoan) ez dute aintzatespen bera, eta laster ikusiko duzu zaila dela lan on bat aurkitzea CELTA edo CertTESOL titulaziorik gabe.

Sektoreko zuzendaritza-postuak bilatzen badituzu, Cambridge DELTA edo Trinity DipTESOL titulazioa beharko duzu. Titulazio horiek CELTA edo CertTESOL lortu ondoren eta gutxi gorabehera bi urteko lanaldi osoko irakaskuntza-esperientzia izan ondoren egin daitezke.

Hizkuntza-akademia batzuek unibertsitateko titulazioa ere eska dezakete (edozein arlotakoa), ingelesa irakasteko titulazioaz gain. Hala ere, hori akademiaren eta herrialdearen araberakoa da neurri handi batean.

Non egin dezaket lan?

ELTko titulazioek erakunde pribatuetan lan egiteko aukera emango dizute, hala nola hizkuntza-akademietan, nazioarteko ikastetxeetan edo lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxe pribatu batzuetan. Sektore honen abantailetako bat da mundu osoko hiri gehienetan aurkituko dituzula hizkuntza-akademiak, ingelesa baita nazioarteko hizkuntzarik erabiliena, bai negozioetan, bai bidaietan.

Ingelesa hitz egiten den herrialdeetan, urte osoan jarduten duten hizkuntza-akademietan edo sasoiko zentroetan (batez ere udan) egin dezakezu lan. Zentro horiek mundu osoko nazioarteko ikasleak hartzen dituzte. Urte osoan jarduten duten akademietan, ikasleak helduak izaten dira askotan, eta denbora luzeagoz egoten dira harrera-herrialdean. Akademia horiek Ingeles Orokorreko eskolak eskaintzen dituzte, baita helburu akademiko edo profesionaletarako berariazko ikastaroak ere (EAP/ESP). Sasoiko zentroek, batez ere, 2-3 asteko egonaldiak egiten dituzten nerabeak hartzen dituzte, eta Ingeles Orokorreko eskolak ematen dira. Programa horietan, baliteke irakasleei ikasleekin campusean ostatua hartzeko eskatzea eta, irakaskuntzaz gain, beste zeregin ez-akademiko batzuk ere beren gain hartzea, hala nola ikasleen zaintza eta ongizatearekin lotutakoak.

Ingelesa hizkuntza ofiziala ez den herrialdeetan, haur, nerabe edo helduentzako hizkuntza-akademietan egingo duzu lan. Ingelesa enpresentzat irakasteko ere merkatu handia dago ingelesez hitz egiten ez den herrialdeetan; eskolak online edo enpresaren instalazioetan bertan eman daitezke.

Zer espero dezaket?

ELTko irakaslea izateak oso malgua izatea eskatzen du, asteko ordutegiaren barruan adin eta maila desberdinetako ikasleei eskolak ematea espero baita. Baliteke azterketak prestatzeko eskolak ere eman behar izatea (normalean Cambridge edo Trinity), eta, beraz, ikerketa gehigarria egin beharko duzu emango dituzun azterketak ondo ezagutzeko.

Kasu gehienetan, etengabeko garapen profesionaleko (CPD, Continuing Professional Development) prestakuntzaedo barne-prestakuntzaren bat ere jaso beharko zenuke zure lantokian. Hautaketa-prozesuan prestakuntzari buruzko aipamenik egiten ez bada, agian hobe izango da beste lantoki bat bilatzea.

Mundu osoko lankideak ere aurkituko dituzu, eta baliteke hainbat herrialdetan irakasle aritu izana. Ohikoa da ingeleseko irakasleak leku batetik bestera mugitzea, batez ere beren karreraren hasieran; beraz, haien esperientzia profesional eta pertsonal zabaletik ikasteko aukera izango duzu.

Zein galdera egin beharko nituzke elkarrizketa batean?

Normalean, elkarrizketa-prozesua enplegatzaile potentzialek lanposturako egokiak garen ebaluatzeko erabiltzen dela pentsatzen dugu, baina guk ere haiek ebaluatzea bezain garrantzitsua da. Horregatik, ezinbestekoa da elkarrizketa baino lehen zure itxaropenak zein diren pentsatzea, aldez aurretik galdera batzuk prestatu ahal izateko. Hona hemen kontuan har ditzakezun gai batzuk:

  • Kokapena: Galdetu ea beti zentro berean lan egingo duzun edo batetik bestera mugitu beharko duzun. Mugitu behar baduzu, galdetu ea bidaia-gastuak ordaintzeko aukera duzun.
  • Soldata: Galdetu zein izango den zure soldata gordina/netoa eta zer ekarpen egiten diren Gobernuari zergen ondorioetarako. Galdetu, halaber, soldata-eskalarik dagoen eta hainbat urtez bertan jarraituz gero zure soldata nola handitzea espero dezakezun.
  • Zergak: Beste herrialde batera joango bazara, zerga-sistemak nola funtzionatzen duen eta zer izapide egin behar dituzun ere galdetu dezakezu, zerga-ekitaldiaren amaieran dagokizun kopurua ordaintzen ari zarela ziurtatzeko.
  • Mailak: Garrantzitsua da zein mailatako eskolak emango dituzun eta horietarako ikasliburuak emango dizkizuten galdetzea.
  • Ordutegia: Gomendagarria da aldez aurretik zure lan-ordutegia nolakoa izango den jakitea. Baliteke akademia batzuek ordutegi zatitua eskaintzea (goizeko eta arratsaldeko/gaueko eskolak), eta zure egoera pertsonalerako egokia den baloratu beharko duzu. Irakasle baten orduak murrizten badira edo ikasleren batek ikastaroa uzten badu zer gertatzen den ere galdetu beharko zenuke. Ez duzu nahi zure soldata behar ez bezala murrizten den egoera batean aurkitzea.
  • Instalazioak: Erabiliko duzun ikasgelako instalazioei buruz ere galdetu beharko zenuke, eta, adibidez, arbel digitala, proiektorea eta abar izango dituzun.
  • Langileen txandakatzea: Galdera arraroa dirudi, baina komenigarria da ikasturte bakoitzean langileen txandakatze-maila zein den galdetzea. Txandakatzea oso handia bada (% 50etik gorakoa), agian zergatik den galdetu nahi izango duzu.
  • Ostatua: Beste herrialde edo hiri batera joango bazara, galdetu enplegatzaile potentzialei non bizi diren irakasle gehienak eta zenbat ordaindu beharko zenukeen, gutxi gorabehera, logela edo apartamentu batengatik.
  • Garapen profesionala: Lehen aipatu dugun bezala, garrantzitsua da irakasleen prestakuntzari eta enpresaren barruan garapen profesionalerako dauden aukerei buruz galdetzea.

Non bila dezaket lana?

Dagoeneko baduzu titulazioa, badakizu zer espero dezakezun eta zer galdera egin elkarrizketa batean. Orain, balizko lan-eskaintzak aurkitzea besterik ez zaizu falta! Mundu osoko TEFL lan-eskaintzak argitaratzen dituzten webgune ugari daude, baina guk hiru gomendatuko genituzke: TEFL.com, teflwork eta ESL base. Guztiek bilaketa-tresnak dituzte, kokapenaren eta lanpostu motaren araberako iragazkiak ezartzeko eta zure CVa igotzeko aukera ematen dutenak, beren datu-baseko hainbat lanpostutara aurkeztu ahal izateko.

Baliteke entzun izana edo esan izana ideia ona dela zuzenean akademiara zure CVarekin joatea, baina, gure esperientziaren arabera, ez da akademiekin harremanetan jartzeko modu ona (ezta profesionala ere), normalean oso lanpetuta baitaude eta denbora behar baitute zure hautagaitza aztertzeko zurekin harremanetan jarri aurretik.

Eta, batez ere, ez duzu etsitu behar akademia batek zure hautagaitzari erantzuten ez badio. Baliteke lanpostua dagoeneko bete izana edo zure profila lanposturako guztiz egokia ez dela iruditzea. Hala ere, hizkuntza-akademia ugari daude eta aukera asko izango dituzu aukeratzeko. Ziur aurkituko duzula zure ingeleseko irakasle-amets guztiak beteko dituen zerbait!

Irakaskuntza maite baduzu eta London School of Languages-en bai pertsonalki zein profesionalki hazi nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan esteka honen bidez.

Zorte on lan-bilaketan!


London School

Closer than you think

Azken berriak

Zure iruzkina

*

Start typing and press Enter to search

Si continuas utilizando este sitio aceptas el uso de cookies. más información

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar